XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

euren lanak liburudendetan toki berezi bat izaten dutenean eta orrialde guztien buruan hiru izen irakurtzen direnean, batez ere atzerritarrak badira eta magiko itxura badute.

Baina, jainko hilezkorraren amodioarren, horiek zer dira besterik izenak baino?

Bestalde, kontutan hartuz gero munduak duen hedadura, oso gutxik ezagutuko dituzte; eta oraindik gutxiagok goralduko kontutan izanik zein ezberdinak diren ezjakinen gustuak.

Eta zer esan izenak asmatuak edo antzinako autoreengandik harturikoak direnean?

Bati Telemako zaio atsegin, beste bati Stelenus edo Laerte; honi Polykrates, hari, Trasimako; gaurregun, bada, liburu bati kamalehoia zein kui izentzat jartzeak ez du ezer berririk adierazten edo filosofoek hitz egiteko ohiturari jarraiki, alpha zein beta deitzeak.

Baina, hala eta guztiz ere, barregarriena, eskutitzak, olerkiak eta gorespenak elkarren artean trukatuz elkar laudatzen, inozoak inozoa eta ezjakinak ezjakina, ikustea da.

Hau, Altzeo baino gorago dago haren iritziz; hura, honen ustez Kalimako baino gorago; hau harentzat, M. Tulio baino handiagoa da; hori beste harentzat, Platon baino jakintsuagoa.

Noizbehinka gainera antagonista bat bilatzen dute, haren lehiakidetasunarekin norbere ospea gehi dadin.

Orduan jendea, zalantzakor, bataren eta bestearen zaletuen artean banatzen da buruzagi bakoitza, gertakaria ondo burutu ondoren, zokora garaile hurbildu eta bakoitzak bere segizioa antolatu arte.

Jakintsuek gauza hauei barre egiten diete pellokirtenkeriatzat joz, izan ere horixe baitira.

Ba al dago hau ukatzen duen inor?

Bitartean, alabaina, bizitza atsegin bat daramate neure mesedeari esker, euren garaitiak Scipionenengatik ere aldatu nahi ez izateraino.

Baina ikasiek eurek ere, bitarte honetan, euren gogoaren poztasun izugarriaz barre egin eta inoren sanotasunik ezarekin gozatzen dutenez, ez da, ez, gutxi eurek ere niri zor didatena; ukatu ezin duten gauza da, denetarik eskertxarrekoenak izaterik nahi ez baldin badute bederen.